Ipuin motorea, momentu honetan Psikomotrizitatearen Garapena izeneko ikasgaian lantzen ari garen gaia da. Ekarpen honetarako, nik pentsatu dudan ipuin motore bat aurkeztuko dut, nire ustez oso egokia delako Haur Hezkuntzan lantzeko. Lantzen ari garen hori, kontzeptuak ikasteko baliogarria izateaz gain, etorkizunean erabiltzeko baliogarria dela pentsatzen dut, Haur Hezkuntzako irakasleak izango garenean.
Nire ipuinaren protagonistak, egurrezko haur talde bat da, benetako haurrak bihurtu nahi direnak. Horretarako, zenbait animali izan behar dira lehenengoz. Lehenik eta behin, horma-barrak erabiliz tximinoak izango dira eta haiek bezala jardun beharko dute. Tximinoetatik, igelak izatera pasatuko dute haien mugimenduak kopiatuz, eta horretarako, hanka saltoan ibili beharko dira eremu batetik bestera. Geroago, zoruan zehar zenbait birak emanez, lehoiak bihurtuko dira eta lau hanketan jarrita lehoien zarata imitatu beharko dute. Geroago, belauniko ibiliz kanguruak bihurtuko dira eta gimnasioan egongo diren eserlekuetan salto egin beharko dute. Sugeak bihurtzeko, bi hankekin batera saltoka eta txaloak emanez beste eremu batera joan beharko dira eta bertan arrastaka koltxoneta batera ailegatu, txiri-buelta bat emateko eta benetako umeak bihurtzeko.
Jarduera honetan, umeek hainbat ekintza egin behar dituzte zenbait material desberdin erabiliz, hala nola, horma-barrak, eserlekuak eta koltxonetak, helburu zehatz bat lortzeko, benetako umeak bihurtzea. Irakasleen helburua, haurrek gauza bat lortu nahi dutenean ahalegindu behar direla frogatzea da, eta aldi berean, garapen psikomotorra eta autonomia lantzea. Psikomotrizitatea ariketa osoan zehar lantzen da, denbora guztian mugimenduan daudelako haurrek, zailtasunei aurre egiteko gaitasuna landuz. Autonomia, denbora osoan lantzen den beste faktore bat da. Irakasleek bertan egongo dira haurrek laguntza behar dutenean, baina hala ere, beraiek bakarrik saiatu beharko dira helburua lortzen.
Jarduera honetan irakasleek ebaluatuko duten gauzarik garrantzitsuena, arazoei beraien kabuz aurre egiteko gaitasuna izango da. Haurrek zenbait zailtasun izango dituzte benetako pertsonak bihurtzeko bidean eta horiek nola gainditzen dituzten eta laguntza eskatu duten edo beraien kabuz saiatu diren baloratuko da. Borobilduz, jarduera hau haurren zenbait gaitasun landuz gain, ondo pasatzea eta haurrak motibatuak egotea eragiten du, entretenigarria delako eta ondo pasatzen dutelako. Nire aburuz, oso jarduera egokia da Haur Hezkuntzako klase batean erabiltzeko, areago, etorkizunean, nik erabiltzen saiatuko naizen ariketa bat da, pedagogikoa, dibertigarria, abileziak lantzen dituena, praktikoa, onuragarria eta polita iruditzen zaidalako.

No hay comentarios:
Publicar un comentario